Lurraren Jaunak

Erdi Aroa Gipuzkoan

Mendebal Europako gainerako lurraldeetan nagusitzen ari zen eredu feudalaren aldean, Gipuzkoan Erdi Aroak berezitasun batzuk izan zituen. Juridikoki, lurralde gisa garai hartan gauzatu zen; bestalde, ez izatetik nagusi izatera iragan zen gizarte-eredu baten eraketa izan zuen ezaugarri. Tentsio eta tirabira handiak izanagatik, eta betiere garaiko erritmo historikoen arabera, bilakabide azkar haren ondorioz sortutako erregimen sozial, politiko, juridiko, ekonomiko eta geografikoa bakarra izan zen, europar testuinguruarena, areago, beste euskal lurraldeen antolamenduena ez bezalakoa.



Etxea eta Ahaidetasuna

Orduko gizarte-harremanek etxea eta ahaidetasuna zituzten oinarri. Etxea zen lehenetsitako elementua, nortasun geografikoa –orubea- eta juridikoa –eginbehar eta eskubideen jabe zen heinean- baitzituen. Etxean oinarritutako familia-taldea zabal samarra zen, bereziki baina ez ezinbestez odolaren bitartez elkarri atxikitako kideek osatua eta barne-hierarkia zorrotzekoa. Etxeen izenetatik eratorriak dira euskal deitura gehienak. Etxe guztiek, haatik, ez zuten balio ekonomiko eta sozial berdina. Geografikoki, nahiz eta ez zetozen beti bat haran fisikoekin, “haran” izenez ezagututako komunitate zabalak eratzen ari ziren, eta haien partaide ziren etxeek osatutako herrixkak, bakoitza bere elizarekin. Era berean, ahaide-taldeak leinuetan batzen ziren, familiaburu nagusi baten menean: Ahaide Nagusiak ziren.

Gai honi buruz gehigago irakurtzeko: "Gipuzkoako dorretxeak eta leinuak" (Bertan Bilduma).



Leinuak eta Bandoak

Leinu-buruek militarki, ekonomikoki eta juridikoki lurraldeak eta batez ere bertan bizi ziren jendeak kontrolatzen zituzten leinu-buruak. “Gudaren jaunak” ziren, armadunen buruzagiak, zenbat eta jende gehiago menpean hainbat indartsuago zirenak; “lurraren jaunak” ere baziren, larre, baso, soro, ola, errota, zubi, bide, baita parrokia eta ermiten jabe zuzenak nahiz haien erabilera-eskubideen kudeatzaileak, edota jaurgoari lotutako karguak baliatzen zituztenak, adibidez, Justiziakoak. Dorretxea zuten, etxe gotortua, botere bikoitz haren egoitza eta sinbolo.

Leinuen elkarketen ondorioz, bandoak sortu ziren. Gipuzkoan osatu ziren bi bandoak oñaztarrena (lazkanotarrak buru, izen bereko herrian kokaturik) eta ganboatarrena (Elgoibarko olasotarrak buru) izan ziren, elkar kontrajarriak borrokatzen zirenak eta, era berean, inguruko lurraldeetako bandoekin –zeinek berearekin- harreman estuak zituztenak.



2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN