Lope Gartzia Salazarko: bandoen arteko gerra

Lope Garcia de Salazarren eskultura (Portugalete)
Lope Garcia de Salazarren "Bienandanzas e Fortunas" liburuaren azala (1471-1476) (Portugalete) © Historiaren Errege Akademia
Bandoen araberako Gipuzkoako banaketaren mapa

Bandoen arteko gerrak ikertzeko, lehen eskuko dokumentua daukagu: Lope Gartzia Salazarko (1399-1476) bizkaitar bandozalearen Bienandanzas e Fortunas delakoa. Liburuaz gain, haren bizitza osoa dugu zegokion maila sozialaren adierazgarri: Oñaztarra, Azkoitian erronka egin zutenetariko bat, Andaluziako deserritik itzultzean, familiako barne-tentsioengatik eta leinu barruko posizioari eusteko lehengo etsaiekin egindako aliantzarengatik semeetako batek giltzapean sartu zuen, beren dorretxean bertan, Muñatoneskoan (Muskizen). Behin eta berriro ihes egiten saiatu arren, azkenean Salazar Dorrean, Portugaleten, pozoiturik hil zen.

Bienandanzas liburuan xehe-xehe kontatzen dira egileak zuzenean edo zeharka ezagututako liskar armatu handi eta txikiak. Zaldunen istorio multzotzat har liteke, errolda genealogiko erraldoitzat, baina interesgarriena da garaiko jauntxoen munduaren ikuskeraren deskribapena den heinean aztertzea, agerian uzten baititu barnekoekiko zein kanpokoekiko indarkerian oinarritutako Ahaide Nagusien eta gizarte osoaren jarrerak eta ohorezko kodeak.

(http://parnaseo.uv.es/Lemir/Textos/bienandanzas/Menu.htm)

Hura irakurrita, gizartea lurraldeen gainetik antolatzen zela eta senideen mendekuan oinarritutako lidergo eta justizia sistema bortitz bati eusten ziola ondorioztatzen da. Adibidez, ezpeletarrek Senpereko jauna erre egin zuten (Lapurdiko bandoen buruak ziren leinu biok). Senperek semerik ez zuenez, alaba Pedro Lopez Amezketakorekin, hau da, “Gipuzkoako lantzaririk onenarekin” ezkondu, eta suhiak aitaginarreba mendekatu behar, bai eta hala egin ere: Beltze Ezpeletakok hil arteko erronka bota zion, bietarik zein zen gehiago frogatzearren, eta dueluan Amezketak andrearen familiaren etsaia azpiratu zuen.

Gartzia Salazarko beste borrokaldi askoren partaide eta lekuko izan zen; esaterako, Arrasateko erreketa bertatik bertara ezagutu zuen. Aramaioko Guaraiatarrek deituta, Gomez Gonzalez Butroeko koinatua eta bere aldekoak hara joan ziren, abendañotarrek eta beste ganboatarrek kendutakoa berreskuratzera. Gomez Gonzalez Butroeko 1448ko ekainaren 11n sartu zen Arrasaten, gogor borrokatu ondoren. Ganboatarrek, gehiago baitziren, zelai zabaleko guda bilatzen zuten, eta butroetarra ateratzera behartzeko, su eman zioten hiribilduari. Borrokaren emaitza: hildako asko alderdi bietan eta Arrasate errea eta zakuratua.

Huraxe zen Salazarren liburuan agertzen zen mundua, protagonisten ekintzak ez ezik haien balioak eta jokabideak ere xehe azaltzen baitzituen, eta hain zuzen huraxe izan zen Gipuzkoako Probintziak, hiribilduen Ermandadetik abiatuta, gainditu zuen mundua.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN