Kaparetasun unibertsala
Oinetxe ezagunari loturiko Kaparetasun Unibertsala Antzinako Erregimeneko gipuzkoar gizarte eta politikaren funtsezko oinarrietako bat da. XVI. mendean zehar garatutako elaborazio teorikoaren arabera, Gipuzkoako oinetxe edo baserriak (garai hartantxe ia gauza bera zen) nobleak zirela zioen; hortaz, haien ondorengo guztiak ere baziren, haien odola judu, mairu, Inkisizioaren Ofizio Sainduak zigortutako edo bestelako ezein sekta arbuiagarrirengandik garbi baitzegoen, zabaldutako formulak esandakoaren arabera.
Probintzian hiribilduek lurraldea antolatzeko ereduaren arrakastaren ondoriotzat ulertu behar da halako aldarrikapena: kaparetasun kolektiboa, hasieran hiribilduek batez ere zerbitzu militarren trukean erregeengandik eskuratutako pribilegioa, Probintzia osora XIV. mendean hedatu zen, herrixka gehienak juridikoki hiribilduen altzopean zeudenez baserritarrenganaino, hedatu ere; gerora garatu zen azalpen teorikoa.
Jatorriari buruzko teoriak teoria, finkatze juridikoa kaparetasun-izapide ugarietan gauzatu zen, hainbat jardunbidetarako ezinbesteko ziurtagiria baitzen. Ez da ahaztu behar, Borja Aguinagaldek seinalatzen duen bezala, “lehenik eta behin, kanpotar jatorrikoari hiribildu batean auzo izatea ahalbidetzen zion izapidea zela, ezinbestekoa bai Gipuzkoan bertan hiribildu batetik bestera lekualdatzeko, bai Lurraldetik at auzo izateko nahiz beste lurralde edo erresumetakoak bertakotzeko auzietan. (…) XVI. mendeaz geroztik, lurraldean sustraitutako noblezia eta ohorearen defentsa eta halako izaerako arrazoi sozialez gain, kaparetasun-izapidea eskatzeko sistemak balio izan zuen, batetik, Gipuzkoan migrazio mugimenduak kontrolatzeko, eta, bestetik, kontzejuetako karguak eskuratzeko, ez baitzegoen haiek erdiesterik beharrezko ziurtagiriz izapidetutako kaparetasuna frogatu gabe”
Gainera, kontuan hartuta nobleziak zenbait zergaren eta errekrutatzeen salbuespena (ez gudarako itsasoratzearena, Gipuzkoako portu-herriek ederki zekiten bezala) eta bestelako pribilegioak zekartzala, edozein gipuzkoarrek bere kaparetasun kontuak behar bezala kudeatzeko interes bizia izango zuen. Hala, bada, 1608 eta 1610 artean, Gipuzkoako Probintziak lortu zuen Koroak esplizituki aitor zezan kaparetasuna lurralde osora hedatua zela, antzina-antzinatik bertan ez zelako aitoren semeen ondorengoak beste inor bizi izan. Argudioa 1697ko foruen bilduman ere jaso zen, I Tituluko II. Atalean, dilubio unibertsalaz geroztik bertako jatorriko eta berezko beste gipuzkoarrik ez zela izan baieztatuta. Gipuzkoarrak, bada, jatorriz ziren noble, eta haien noblezia ez zen inoiz etena ez nahasia izan. Ez zen, bada, inork emandako noblezia, berezkoa baizik.
Beren buruak nobletzat hartuta, eratzen ari ziren instituzioak bermatzeko oinarriak jartzen ari ziren gipuzkoarrak. Hortaz, erakundetze politikoarekin batera gauzatutako prozesua izan zen kaparetasunarena. Erakundeak eraikitzen ari zirenek beren artean berdinak zirela aitortzen zioten elkarri, beraz, baita egiten ari zirena egiteko eskubide eta ahalmen osoa ere: Ahaide Nagusien ondorengoei inolako nagusigo politikorik aitortzen ez zieten bitartean, kaparetasuna frogatzerik ez zeukan kanpotar oro juridikoki bazter uzten zuten.
Kaparetasun-izapidea, bada, oso baliabide erabilgarria izan zen bai kanpoko lehiakideak alboratzeko, bai organizazioaren barneko ordena kontrolpean izateko. Hiribilduen esparruan, auzoak eta biztanleak bereizteko balio zuen: lehenak kalitate sozial, ekonomiko eta kulturalaren irizpide zehatz eta zorrotzen jabe zirenez, gobernatzeko eta eskubideak eta eginbeharrak izateko gai ziren; bigarrenak, aldiz, hiribildu bakoitzeko eta, jakina, Probintziako antolamendu sozio-politikotik at geratzen ziren.