Gipuzkoako armarria

Armarria primerako euskarria da instituzio batek edo familia batek bere buruaz eta bere historiaz duen ideia eta irudia transmititzeko. Horregatik, pertzepzioa aldatu ahala, ohikoa da denboran zehar aldaketak ezagutzen dituen sinboloa izatea.

Gipuzkoako armarriak Probintziaren historiako une oso interesgarri batera garamatza: 1466ra. Hiru urte lehenago, eratzen ari ziren instituzio probintzialek ederki erakutsia zuten indarra Ermandadeko Koaderno berri bat idatzita: bertan, oraindik gogor egiten zuten Ahaide Nagusien saioak apalarazteko neurriez gain, Probintzia eratzeko hasikinak biltzen ziren. Dinamika hartan onetsi zuten Ermandadearen Batzar Nagusiek lehendabiziko armarria: bi kuartel edo zatitan banaturik, goian errege bat, tronuan eserita, eskuineko eskuan ezpata; behean, hiru zuhaitz, haginak, omen, itsas uhinen gainean.

Hortxe ziren, bada, aurreko hamarkadetan oratzen hasitako osagai politiko eta ideologikoak. Batetik, Koroa, Gipuzkoako Ermandadearen garapen instituzionalaren bultzatzailea: armarriko monarka identifikatzeko tenorean denak bat ez badatoz ere, ematen du Gaztelak Nafarroaren aurka egindako ofentsiba batean lurraldea 1200ean bereganatu zuen Alfontso VIII.a izango zela, edo, bestela, Enrique IV.a, funtsezkoa Batzarren sorkuntzan eta Ahaide Nagusien kontrako laguntzan. Bestetik, haginek gipuzkoarren jatorrizko noblezia sinbolizatuko zuten, Monarkiarekiko harreman zuzenaren oinarria izaki: tradizioaren arabera, antzinako kantabriarrek nahiago zuten hagin-haziak janda pozoiturik hiltzea ezen ez erromatarren menera erortzea. Atzerriko ezein nazioren nagusigo edo nahasketa onartu ez zuten kantabriar haien ondorengoak izango ziren gipuzkoarrak, hortaz, jatorri-jatorritik eta kolektiboki nobleak. Zuhaitzak uhinen gainean egotea ere ez zen halabeharrez hautatu, Monarkia-Probintzia harreman hartan kostaldeko hiribilduak izan zirelako lehenetsiak eta, eskuarki, lurralde osoa jotzen zelako erresumaren Europaranzko itsas irteeratzat.

Armarriari, goiko kuartelean itsatsita, 1513an hamabi kanoi gehitu zitzaizkion, dirudienez aurreko urtean Belaten gipuzkoarrek eskuratutakoen oroigarri, hantxe baitzebiltzan Gipuzkoako buruzagiak, Gaztelaren alde, Nafarroako konkistan. Batzuen ustez sekulako balentria izan bazen ere, beste batzuek nahiago dute gogora ekartzea artilleria hura, besterik gabe, abandonatua izan zela, nafarren aliatuen ihesa laguntzearren. Nolanahi ere, hamabi kanoiak armarriari gehitu zitzaizkion.

Probintziaren irudi korporatiboa berritzeko hurrengo saioa 1931n gertatu zen, 1513ko gehikuntza kentzeko ebazpena hartu zenean. 1936an, erabakia berretsi egin zen, eta monarkiari edota jauntxoei loturiko ezein sinbolo erretiratzekoarekin zabaldu. Dena den, gerra zibila zela eta, II. Errepublikaren garaian onartutako ebazpena ez zen 1979 arte gauzatu.

Gipuzkoako Artxibo Orokorrean, Tolosan, gordetzen dira 1596 eta 1599 artean Jeronimo Larrea Goizueta tolosarrak Gipuzkoako armarriaren jatorriari buruz egindako lau erliebeak. Orduan Tolosako Santa Maria elizako sakristia zaharraren gainean zegoen Artxiboko fatxada apaintzeko enkargatu zizkioten Batzar Nagusiek. Hark intxaur zurean goierliebe eran tailatu, eta gero beste artista batzuk pintatu eta urreztatu zituzten. Gordetzen diren lau erliebeek armarriaren hiru irudien ustezko jatorriak erakusten dituzte, garaiko ikusmoldeaz betiere. Zorroztasun historikorik gabeak izanagatik difusio handia izan zuten orduan Juan Martinez Zaldibiako garaikidearen ideia kantabristak, eta haiexetan oinarritu zen egilea.

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN