Jesusen Konpainia

Jesusen Konpainia Ignazio Loiolakok eta Pariseko Sorbonako Unibertsitateko beste ikaskide batzuek fundatu zuten. 1539an Paulo III.a Aita Santuari ezagut eta onets zitzan helarazitako agirian, jada lau boto nagusiak bilduak zeuden: pobrezia, kastitatea, obedientzia eta Aita Santuari obeditzeko boto berezia.

Zisma protestantearen ondoren, Paulo III.a Aita Santuak Kontzilio batera deitu zuen, Trenton, Eliza Katolikoa erreformatzeko: “Kontrarreforma” delakoa, non Konpainiaren egitekoa baitezpadakoa izan zen. Aita Santuari obedientzia aldarrikatzea, hain zuzen haren agintea eztabaidagai zelarik, laguntza handikoa izan zitzaien jesuitei lurbira katoliko osoan zehar arin hedatzeko. Berehala, ordenak hezkuntzari heldu zion, protestanteen eragina apaltzeko eta beste kontinenteetan konkistatzen ari ziren lurretan katolizismoa zabaltzeko elite berri bat formatu nahian. 1640 aldera Europa osoan 500 ikastegi baino gehiago zituen. Mende bat geroago, 650 ziren. Gainera, baziren 24 unibertsitate ordenaren zuzendaritzapean, osoki edo partzialki. Ordenako kideentzat 200 seminario eta ikastetxe ere sortu ziren. Era berean, misioen arloan sekulako arrakasta izan zuen. Gero santu –ordenaren fundatzailea eta beste kide asko bezala- egingo zuten Xabierko Frantzisko nafarrak, adibidez, misioak fundatu zituen Indian eta Japonian. Geroago, Jesusen Konpainia Txinako barnealdera, Afrikako kostaldeetara, Ameriketara, eta abarretara hedatu zen.

XVIII. mendean, Jesusen Konpainiak, zuzenean Erromaren meneko izaki, talka egin zuen gobernari ilustratu berrien errege-boterea indartzeko asmoekin. Erregezko hilketa-saioak, matxinadak xaxatzea, erregeren aginteari men ez egitea… izan ziren erabilitako argudio zenbait Jesusen Konpainia egozteko. Portugal izan zen jesuitak kanpora egozten lehena, metropoliko lurraldetik eta kolonietatik, 1759an; gero, Frantziak kanporatu zituen, 1764an, eta Espainiak, 1767an. Konpainiaren aurkako borroka 1773an burutu zen, Klemente XIV.a Aita Santuak Konpainia iraungitzeko dekretua sinatuta. Errusian babestutako jesuiten komunitatearekin Italiatik harremanak mantendu zituen Aita Pignatelliri esker, 1814an Pio VII.a Aita Santuak Konpainia berrezarri zuen.

Ignaziar hezkuntzaren helburu gorena pertsonaren garapen integrala da, giza jakinduriaren diziplinartekotasuna sustatuz eta pertsonaren alderdi guztiak landuz: gorputzaren eta zentzuen dimentsioa, adimena, afektibitatea eta sexualitatea, borondatea eta izaera, dimentsio etiko eta erlijiosoa… komunitate baten alde ipintzearren.

Izaera unibertsalekoa eta historian zehar kide asko ospe handikoak izanagatik, eta XVIII. mendeko gobernuen etsaigoa bereganatu aurretik, Jesusen Konpainiak benetako zailtasunak nozitu zituen euskal hiriburuetan egoitza egonkorrak lortzeko. 1619an, Donostian ikastetxe bat zabaltzeko gonbitea jaso zuen Konpainiak. Baina jesuiten presentziak gainerako eliztarrak asaldatu zituen, bai parrokietakoak, bai, eta bereziki, beste ordenetakoak. Udala ere ez zuten beti alde. Inazio Loiolakoren kanonizazioa bera ere, 1622an, ez zitzaien aski izan arerioak samurrarazteko. Bazuten zenbait familia ahaltsuren laguntza, eta Iruñeko apezpikuarena ere, zeinak jesuitek Donostian egindako lana laudatu zuen, batetik bertan arrotz hereje asko biltzen zelako; bestetik, hiriko beste apaiz eta ordenen baliabide eta bokazioak eskasak zirelako. Urteak auzitan eta noiz edo noiz eraso fisikotan eman eta gero, 1627an behin betiko egoitza ezarri zuten. Gorabeherak izanda ere, jesuiten ordena finkatu eta sendotu zen hirian, Karlos III.ak 1767an bere menpeko lur guztietatik egotzi zituen arte. Egoitza Ospitale bilakatu zen, eta gero kartzela eta parke militar. Hura eraitsita sortu zen Trinitate plaza.

Argibide gehiago : Loiolako Santutegia

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN