Santa Teresako nekropolia

Santa Teresa komentuko nekropolian induskatutako mailak (Donostia) ©  Arkeolan Fundazioa
Ehorzketa Santa Teresa komentutako nekropoliaren mailarik zaharrenean (Donostia) ©  Arkeolan Fundazioa
Nekropolian aurkitutako hilarria ©  Arkeolan Fundazioa

Santa Teresako elizara eta oraingo komentura joateko eskaileraren pean, Donostiako alde zaharrean, hilerri zahar baten aztarnak aurkitu dira. Haren okupazio-mailak horrela deskriba litezke:

Gaineko hobidun ehorzketak: hareharrizko harlanduzko sepulturak, bi isurialdeko tapakiek estaliak, bai eta hobi soileko hogei ehorzketa baino gehiago ere. Gorpu gehienak ahoz gora etzanda agertu dira, Ekialdera begira, eta goiko gorputz-atalak sabelaren edo pelbisaren gainean gurutzaturik; herena baino gehiago gazteak ziren. Ehorzketekin harremanetan, hareharrizko bi hilarri biribil, apaindurekin.

Azpiko hobidun ehorzketak: hamabost heldu eta bi umeren eskeletoak, denak ahoz gora etzanda eta Ekialdera begira. Eskeletoak era homogeneoan banatuak eta, praktikan, gaineko harlauzadun sepulturekin kontaktuan daude. Haietako batek pelbisaren inguruan gerriko baten kobrezko belarria zeraman: hauxe da maila honetan aurkitutako ostilamendu bakarra. Ehorzketekin harremanetan, hareharrizko bi hilarriren oinak.

Gaineko harlauzazko sepulturadun ehorzketak: Ekialdera begira dauden harlauzazko sepulturak, gehienak laukizuzenak, oinaldean estuxeagoak eta burualdean belarridunak. Estaltzeko, hamar bat zentimetro lodi ziren harearrizko lauza irregular zenbait, nahiz eta sepultura batek edo bestek batzuk galduak zituen. Harlauzazko sepulturekin harremanetan, hiru hilarri, haietako bi biribil eta alde bietako apaindurekin, eta bestea laukizuzena eta inolako apaindura edo inskripziorik gabea.

Azpiko harlauzazko sepulturadun ehorzketa: haur batena, Ekialdera begira, ahoz gora etzanda eta goiko atalak gorputzaren albo banatan luzatuta; burualdean harlauza bat zeukan, eta beste bat oinaldean. Ez zuen inolako ostilamendurik, baina bai buru-hezurrari eusteko harritxo bi, azpian.

Nekropolia Santa Maria elizarantz luzatzen da. Santa Teresa komentuaren barrualdera, berriz, desagertu da. C14ko datazioek diotenez, kronologia X. mendearen azken herenetik XIV.aren bukaerara luza liteke. Hortaz, Donostia hiribildu gisa fundatu aurreko nekropolia da, beharbada hurbil dagoen Santa Maria elizari lotua. Hilerriaren abandonua pixkanaka egingo zen, seguruenik XV.-XVI.etan, orduan hasi baitziren eliza barruan lurperatzen eta kanpoko hilerriak erabiltzeari uzten.  

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN