Gipuzkoa, Gaztelako erresumaren menera 1200ean

Gaztelako Alfontso VIII.a
Ausako gazteluaren airetiko ikuspegia (Zaldibia)
Esteban Garibai Zamalloa (Llanta, 1868)

Gipuzkoa 1200ean Gaztelako erresumaren menera iragan izanaren inguruko datu gutxi dagoenez, denetariko interpretazioak egin dira. Gehienetan itundutako amore ematea ala konkista hutsa ote zen eztabaidatzera mugatu ohi den arren, gaia askoz ere konplexuagoa da, beste argudioen artean, Gipuzkoa ongi definitu gabeko lurraldea zelako, eta are gutxiago zen administrazio aldetik antolatutako erakundea. Bertako biztanleen interesak ere ez ziren homogeneoak, ezta eliteen artean ere.

Gaztelako Alfontso VIII.ak lurraldea bereganatu zuenean, Gasteiz setiatu eta azkenean konkistatu zuen; hortaz, presio militar handiko tenorean gertatu zen, nahiz eta ez dagoen egiaztatua Gipuzkoa inbaditu zuenik. 1181an, Vitoria hiribildua Gasteiz herrixkaren gainean Nafarroako Antso Jakitunak fundatua zuen, alegia, seguru aski urtebete lehenago Donostia fundatu zuen berberak. Nafar erregeren fundazio-politika hark helburu bikoitza zuen: batetik, Gaztelarekin harremanetan zegoen lurraldea gotortzea (Gasteizkoaz gain, Arabako Guardia, Antoñana, Bernedo, Labraza, Portilla, beharbada Trebiño eta Argantzungoak ere fundatu zituen); bestetik, itsasora hurbiltzea, Baiona ingelesen eskura iragana zen eta. Gaztelak antzeko, beraz, aurkako interesak izan zitzakeen lurralde berberean, bai Arabari dagokionez, bai itsasora hurbiltzeko asmoez.

Rodrigo Ximenez Arradako, deiturak salatu bezala nafarra izan arren, Toledo artzapezpiku eta Alfontso VIII.aren konfiantzazko gizona zen; hark idatzita, badakigu erregeak 1200ean eskuratu zuela Gipuzkoako Lurraldea, eta bertako gazteluak, besteak beste, Donostia, Hondarribia, Ausa, Ataun eta Beloagakoa. Alabaina, ez dago jakiterik nola bereganatu zituen gazteluok: beharbada batzuk indarrez hartuak ziren, beste batzuek amore eman ahal zuten, edo, agian, Gasteizko goarnizioa indartzeko hustuak ziren, hiribilduak setioari gogor eutsi baitzion, azkenean, erregeren baimena lortu eta gero, etsi arte. Urte hartan bertan sinatu zituzten tregoak Gaztelak eta Nafarroak, non, salbuespenak salbuespen, bakoitzak gatazkan okupatutako posizioei eutsi zien. Alfontso VIII.ak, 1204ko testamentuan, borrokaldi hartan okupatutako lurraldeak Nafarroari itzultzeko asmoa agertu omen zuen arren, ez zuen sekula bete.

Arazorik polemikoena zerean datza: lurraldeko jauntxoek Alfontso VIII.ari eman omen zioten laguntzan, edo behintzat egin ez zioten erresistentzian, eta haren menean jartzea adostua izan ote zen. Garaian bertan ez zen deus idatzi hartaz, eta arazoari heltzen dioten lehendabiziko aipuak XVI. mendearen bigarren erdialdekoak dira, Esteban Garibaik Gipuzkoako foru-erregimenaren jatorria ikuspegi itunzalearen aldetik azaldu nahi izan zuenean. Hartarako, erresuma-buru aldatzea gipuzkoar buruzagien eta errege berriaren arteko konpromiso baten ondorioa zela sinestarazi nahi zuen. Haren ustez, Araba inbaditutakoan, Gipuzkoako handikiek, Nafarroako Erregek bidegabeki (zertan, aldiz, zehaztu gabe) tratatuak zituela eta, leialtasuna Gaztelakoari eskaintzea erabaki omen zuten.

Hiru mende eta erdi geroago, eta hain zuzen Ahaide Nagusien indarra apaltzeko arrakastaz garatutako Foruen sistemaren onurak goraipatzeko idatzitako testu batean, halako erabakiaren protagonismoa jauntxo feudalen esku uzteak kontraesana badirudi ere, ulertu beharra dago XII.etik XIII.erako aldaketaren testuinguruan, gainerako biztanleetarik, hogei urte baizik ez zuen Donostia hiribilduko eliteak bakarrik izan zezakeela nolabaiteko pisu politikorik. Teoria honen aldekoek argudiatzen dutenez, okupazioa behin betikoa eta berehalakoa izateko asmoa baldin bazegoen, kontuan hartuta Gipuzkoan ez zegoela errege berriari atxikitzeko inolako garapen administratiborik, ez inolako lurralde-artikulaziorik, ezinezkoa izango zitzaiokeen bertako handiki eta jauntxoen laguntzarik gabe. Bestaldetik, aurkakoa ere argudiatzen da, aurreko tesia gezurtatzeko datuak bailirateke geroko datetan dokumentatzen diren arabar eta gipuzkoar buruzagiek errege nafarrarekin izandako laguntza-harremanak, Diego Lopez Harokoren defekzioa bera (haren menean baitzeudekeen lurraldeok), Nafarroaren babespean egina, bai eta 1200ean aipatutako gaztelu batzuk gerora berriro nafar erregeen kontrolpean agertu izana ere.

Argi dago, argi dagoenez, gero Gipuzkoa izango zen lurraldea Gaztelaren kontrolpean egon eta iraun izana, dinamika militarrari baino are gehiago, nafar erregeek abiarazitako politikaren jarraipenari zor zaiola, alegia, hiribilduen bultzadari. 1203an, Alfontso VIII.ak Hondarribia fundatu zuen, Bidasoako estuarioaren gainean, andrearen doteaz zegokion Akitaniako pasabidean. Dena den, itsasertzean beste hiribildu batzuk fundatu izanak (Getaria eta Mutriku 1209an, Zarautz 1237an), Gaztela itsasora eta Mendebal Europara ateratzeko estrategia zabalago bat bazegoela pentsarazten du, eta estrategia hark dezente murrizten zuen Nafarroaren mendebalderanzko joera. Hortaz, nafar erregek gipuzkoar handikiei egin omen zien bidegabekeria hiribilduei emandako pribilegioengatik izan bazen –badago hori defenditu duenik-, zentzu hartan gaztelarraren garaipenak ez zien inolako abantailarik ekarri. Agian, horrexek azal lezake gerora Ahaide Nagusiek izandako erreakzioa, garapen hura oztopatu nahian mehatxua edota erresuma biekiko leialtasun aldakorra erabiliz, egoeren arabera betiere. Alabaina, oso litekeena da alderantziz gertatu izana, hau da, erreakzioa fundazioen orokortzearen ondoriozkoa izatea, eta ez prozesua hasi berritan. Izan ere, Gipuzkoak (Arabak eta Bizkaiak gutxixeago) izugarrizko hiritartze prozesua ezagutu zuen, lurraldez eta juridikoki, 2.000 km2 eskasetan 25 hiribildu sortu ziren eta.
 

2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN