Lehen gerra karlista

Euskal karlismoa

1833aren bukaera aldera, Tomas Zumalakarregik bere gain hartu zuen euskal karlismoaren buruzagitza militarra, eta urtebete egin gabe gaizki armatutako eta okerrago antolatutako gerrillari-partida batzuk 30.000 soldadu diziplinatuk osatutako armada bilakarazi zituen, zeinarekin espainiar armada hiriburuetan babestera behartzen zuen. Beste aldean zeuden kide ohiak, bai armada ofizialekoak (Espoz eta beste batzuk) bai Artzaia, txapelgorrien, hots, gipuzkoar boluntario liberalen burua. Zumalakarregi 1835ean hil zen, Bilbo hartzeko ahaleginean, eta heriotza hura, galera handia izateaz gain, karlismoak lurralde gehiago edo hiriburuak hartzeko ezintasunaren sinbolo bihurtu zen.



Gerra ekintza nagusiak

Maparen gainean klik eginda, gertatutako gerra ekintza nagusiak agertuko dira. Ikono bakoitzaren gainean klik eginda horri buruzko azalpenak eta argazkiak ikusiko dituzu.Eduki osagarriak: Zumalakarregi Museo (Gipuzkoako Foru Aldundia)



Negoziazioa eta gerraren amaiera

1838an, nekea eta alde batak bestea garaitzeko ezintasuna ziren nagusi. Baionatik, gatazkari irtenbidea bilatu nahian, handiki liberal foruzale kontserbadore samar batzuek konspiratzeari ekin zioten. Hala sortu zen “Bakea eta Foruak” izeneko mugimendua, Jose Antonio Muñagorri buru, isilpean gobernu liberalak eta agintari militar britainiar eta frantsesek lagundua. Muñagorriren saioak porrot egin zuen arren, hartan laburbildutako zioek abiarazi zuten hurrengo urtean, 1839ko abuztuaren 31n, sinatutako Bergarako Hitzarmenean adostutakoa: Isabel II.aren onarpena, Foruen errespetua (“batasun konstituzionala kaltetu ezean”, denetariko interpretazioak eragin zituen eranskin polemikoa eta guzti) eta Isabelen armadan sartzeko aukera Hitzarmena onartzen zuten borrokalariei. Gainerako karlistek erbestera alde egin zuten, On Karlosekin.



2011 Kutura eta Euskara Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Creative Commons BY-NC-SA 2.5
Erabilerraztasuna | Eskertzak | Lege oharra
GNet | Gipuzkoa.net
HASIERABilatuHarremanetarakoWeb mapaETAPAKGAIAKALTXORRAKERAKUSKETAJOLASAKPROBAKIRITZIAMAPAN